Atzealdea

Irakurketa-plana, aurten ere martxan

Iaz, ekimen berritzailea jarri genuen abian, irakurzaletasuna indartzeko: irakurketa-plana. Astean ordubetez, ordu berean eta DBH guztian, irakurketa librean aritu ginen. Balorazio positiboak jaso zituen bai irakasleen bai ikasleen aldetik. Ekimen hau epe ertainerako apustu didaktikoa denez, aurten ere martxan jarri dugu.

Antolaketa aldetik, iaz lan handia egin zen, gela bakoitzean liburuz betetako kutxak ipini baitziren. Aurten, ordea, dugun egoeragatik eta ditugun protokoloak kontuan hartuta, ezinezkoa da kutxak geletan izatea. Horregatik, ikasle bakoitzak etxetik ekarri behar du irakurriko duen liburu, komiki, edo aldizkaria, eta asteko irakurketa-ordua iristen denean, gelan irakurriko dugu. Hala ere, ikasle bakoitzak liburu bat hartu du liburu-kutxetatik, etxetik liburua ekartzea ahazten bazaio zer irakurria izan dezan.

Sinetsita gaude irakurketan trebea izatea ezinbestekoa dela ikasleek gaitasunak ondo gara ditzaten, eta ekimen honek trebetasun horiek lantzeko bere hondar alea jarriko duelakoan gaude.