
Historia ikuspegi feminista batetik osatu nahian gure ikastetxean webgunea sortu dugu Leire Iruretagoiena irakasleak eta haren ikasleok.
Feminismoa gaur egungo gizartearen erronka nagusietako bat da. Egun, berdintasunaren aldeko aldarriak gizartean behar duen pisua hartzen ari dira eta pixkanaka historiak izandako hutsunea betetzen ari gara. Izan ere, ez da asko atzera joan beharrik gure ikastetxeetako historia saioetan lantzen ziren edukietan gabezia nabarmenak aurkitzeko. Emakumeek gizartearen erdia osatzen dute, baina XX. mendera arte ez dira herritar kontsideratuak izan mendebaldeko gizartean eta beraz, ordura arte gizartean egindako ekarpenari ez zaio inolako garrantziarik eman.
Pixkanaka ordea, hasi gara ikastetxeetan zenbait emakumeren figurak azpimarratzen eta orain arteko historiaren ikuspegi murritza argitara ateratzen. Hezkuntzak gizartearen erronka potolo honi heldu beharra dauka eta emakumeak eta hauen ekarpenak presente dituen curriculum bat martxan jarri behar da.
Oraindik euskarazko iturri eta material gutxi dago ordea hutsune hau serio eta ikuspegi global batetik lantzen duenik. Historia feminista, hau da berdinzalea, falta da. Web honen helburua hutsune hau betetzen laguntzea da eta hasteko mugimendu feminista eta bertako protagonista desberdinak ezagutarazten saiatuko gara. Zumaia BHI ikastetxetik, ikasleekin gaiari buruz egindako lanak argitaratuko dira web honetan.
Webgunean sartzeko egin klik argazkian.